|
Afrika Biografia
Afrika Bibang Ekutore Gineatik etorri zen bere gurasoekin Euskal Herrira, eta dagoeneko eskarmentu handia du zuzeneko abeslari gisa. Euskaldun berria da.
Euskal talde askotan egin ditu bigarren ahotsak, hala nola Etsaiak, Keu edota Ke Rule taldeetan. 2001 eta 2003 urte bitartean hainbat diskoteketan izen handiko DJekin batera aritu zen, adibidez DJ Oliver, Sebastian Gamboa edo DJ Pipirekin, edota 'Rudo & Friends Sound System' zuzeneko house taldearekin. Hauekin kantatu du, besteak beste, Bilbon, Iruñean, Miarritzen, Bartzelonan edo Malagan. Fermin Muguruzarekin ere kolaboratu du zenbait aldiz.
Muguruzak bultzatuta 2004an disko bat argitaratu zuen Afrikak, 'Entzun' deitua. Bertan izan zituen laguntzaile Ernesto Maestro konposatzailea eta Israel Monzoncillo gitarrajolea. Diskoak euskal musika mugatzen duten zenbait estereotiporekin hautsi nahi zuen, distortsionaturiko rockarekin eta folkarekin, esate baterako, eta musika landuagoa eskaini, soul, jazz eta R&B ukituekin. Diskoan dauden kolaboratzaileak ere ugariak dira: Jon Urrutia pianoan, Borja Barrueta (gaur egun Carmen Parisekin dabilena) baterian, Gorka Escauriazaren funk baxua entzun daiteke, Travis Flinten scratchak, Sorkunen ahotsa, eta Fermin Muguruza eta bere Kontrabandako zenbait kideren partaidetza ere nabarmentzekoa da.
Afrika oso kantari berezia da, ahots bizia dauka, entzulea harrapatzen duena. Musika beltza Euskal Herritartu duela esan daiteke. Berak egin zuen 2005eko KORRIKAren kantua.
[www.musikametak.com] Artistaren kantak bilduma honetan |