|
Igelaren banda Biografia
Talde hau 1998an sortu zen, honako partaide hauekin: Bixente Martinez gitarra eta soka-tresnekin, Jose Urrejola flauta eta saxoan eta Txarli de Pablo kontrabaxuan. Disko bakarra dute orain arte, 'Igelaren banda' deitua, 2001. urtean argitaratua.
Talde honek musika instrumentala egiten du, kantatu barik. Euren asmoa jazz euskalduna sortzea eta egitea da, alegia, herri musika hartzea, doinuak, dantzak, bertso-doinuak eta abar, eta horiek jazz bihurtzea, baina beti ere jazz estandarraren edo estatubatuarraren pautak gehiegi jarraitu gabe. Ez dute kopiatu nahi, baizik eta inprobisazio, armonizazio eta garapen propioak sortu. Urteotan kontzertu asko eman dituzte, beti ere leku txikietan, kultur etxeetan, horretarako prestaturiko tabernetan eta abar.
Jose Urrejolak taldea utzi egin zuen eta haren ordez Iñigo Egia perkusiolaria sartu zen. Diskoan ere hainbat kolaboratzaileren parte hartzea izan zuten. Azken aldian inpasse moduko bat bizi izan du taldeak, baina berriro indartu nahian dabiltza, errepetorioa berrituz, gauza berriak sartuz, eta egitasmoa indartuz. Lana presarik gabe egiten dute, partaide bakoitzak daukalako bere kasako ibilbide musikala. 'Igelaren banda' gutizi bat da haientzat, eta gutizi moduan eskaintzen diote entzuleari ere.
Artistaren kantak bilduma honetan |