|
Imanol Larzabal Biografia
Donostian jaio zen 1947an, eta 2004an hil Orihuelan. Baritono ahots lodia eta ederra zeukan, poesiazalea zen,
eta musika mota asko landu zituen: jazza, kantautoretza, musika tradizionala, rock leuna, musika mistikoa...
Argia dantza taldean ibili eta espetxea ezagutu ondoren, 1971ean Iparraldera exiliatu zen. Gero Parisera joko zuen, eta han Paco Ibaņez kantaria ezagutu zuen, bizitza osoa iraungo zuen adiskidantza bermatuz. Grabazio askotan lagunduko zioten elkarri.
Paco Ibaņez Adunan jaioa da, Parisen exiliatua egon zen urte askotan, eta Espainia mailan ezkertiarren erreferentzi nagusia izan zen, batez ere frankismoaren garaian. Poeta espainiarrak musikatzen maisua eta eredua izandakoa, kantu eder askoren sortzailea da Frantzian eta Europako leku askotan ezaguna izan zen kantari historiko hau. Euskaraz ere grabatu zuen disko bat.
Ezizenez sinaturiko bi disko pirata atera ondoren, Parisen bi disko aterako ditu bere izenarekin eta Gwendal talde bretainiarraren laguntzarekin, 'Orain borrokarenean' eta 'Herriak ez du barkatuko'. 1976an Hegoaldera itzuli zen, bere exilioari amaiera emanez.
Profesionalki musikan jarduteko asmoa gauzatu zuen, eta urte horietan aro 'elektriko' bati eman zion hasiera 'Klabelin komik' taldearekin. Horren islada 'Sentimentuen auspoz' disko gogoangarria da. Ahotsa lantzeko Parisera joaten zen hilean behin klaseak hartzera. Sortzaile bezala kantu ahaztezin asko egin ditu: 'Lau haizetara', 'Poeta kaxkarra', 'Mayo', 'Mendian gora haritza' eta beste asko.
'Iratze okre geldiak' diskotik aurrera bide intimistagoa hartuko zuen, beti ere poesia eta poeta handiekin lotua: Jon Mirande musikatuko du, Sarrionandia, Patziku Perurena, Felipe Juaristi, Pablo Neruda, disko bat eskainiko dio San Juan de la Cruzi, beste bat Alfonsina Estorniri, hau gazteleraz.
Musika heziketa sakona zuen, eta bere bizitza eman zion musikari, kantagintzari. Zoritxarrez, azken urteetan bere bizitzako gora-behera politikoek gaina hartu zioten bere sormen lanari, eta ez zen oso eroso sentitzen Euskal Herrian. Bera hil ondoren disko bat atera dute hainbat euskal kantariren artean, Imanolek berak prest utzi zituen haur kantuekin, 'Bolona molona' deitua. Bertan Imanolen ahots handia berreskuratu dute duoak egiteko.
Artistaren kantak bilduma honetan |