|
Leon, Maurizia eta Fasio Biografia
Bonifazio Arandia, 'Fasio', Iurreko Elexalde auzoan jaio zen 1909an eta 1987an hil. Soinujolea zen. Bere lehen eskusoinua ilara bateko akordeoi bat izan zen. Gero trikitixa erosi zuen. Hamahiru urterekin hasi zen plazan jotzen. Urte askotan utzita egon ondoren, 1971ean itzuli zen, txapelketa bat irabaziz. Arteako Benantzio Bernaola 'Karakol' hil ondoren, beronen emaztea zen Maurizia eta Leon Bilbao albokariarekin batu zen entzute handiko hirukotea osatzeko. Bizkaiko trikitixa estiloa zabaldu zuten plazarik plaza.
Leon Bilbao Artean jaio zen 1916an, eta 1990an hil zen. Aitarengandik ikasi zuen alboka eta panderoa jotzen. Hamahiru urterekin plazaratu zen, eta geroztik etengabe ibili da inguruko trikitilariekin Bizkaia osoan eta Euskal Herriko leku askotan. Urte asko eman zituen Mauriziarekin batera alboka eta pandero bikotea osatuz, eta gero Arratiako hirukotea osatuz, Leon, Maurizia eta Fasiorekin batera, eta geroxeago Basilio ere bai.
Maurizia Aldeiturriaga Zeberion jaio zen 1905ean eta 1988an hil zen. Bere kasa ikasi zuen panderoa jotzen eta kantatzen, gelan isilka gordeta, emakume batentzat lanbide txarra zelakoan, garai hartan behintzat. Hamabi urterekin agertu zen jende aurrean. Bere kantatzeko moduagatik oso panderojole estimatua izan da inguruko albokari eta trikitilarien aldetik.
1998an bi diskoren bilduma batean jaso ziren laukote honen grabazio batzuk.
Mauriziaren kantatzeko modua oso ezaguna egin zen, bitxia zelako, oraintxe tonu baxuetan, gero berriz algara altuetan aritzen zelako. Sentimendu handiarekin kantatzen zuen. Salero ikaragarria zeukan. Laukote honek Bizkaiko herri musika jaso eta indarberritu zuen erromerietan eta jaietan. Alboka ere galtzekotan egon zen urteetan Leon Bilbaok gorde zuen bizirik.
Hauek osatu uzten 'Arratiako trikitixa' deitzen zena. Normalean trikitilariak binaka ibili izan badira, soinu eta pandero, Arratiakoek hori zuten ezberdintasuna: hiru ziren, eta gero lau, betiere albokarekin lagunduta. Izan ere, Leonek gogoratzen zuenez, bere haurtzaroan alboka baino ez zen erabiltzen dantzaldietan. Trikitixa gero etorritakoa zen.
[www.trikitixa.net] Artistaren kantak bilduma honetan |