|
Mikel Markez Biografia
Errenterian jaio zen 1971ean. Oso gazterik hasi zen kantari, eta 20 urte betetzerako argitaratu zuen lehenengo diskoa, 1991ean, 'Eta etorri egin zait' izenburuarekin.
Bere agerpena harrigarria izan zen, rock eta folk taldeak modan zeudenean azaldu baitzen bere gitarrarekin, aspaldiko kantautoreen moduan, baina jende gaztearekin berehala konektatu zuen kanta erromantiko eta sentimental haien bidez.
Bere kantagintza babestu eta aberastuko zuen talde bat osaturik ibili zen urte askotan Euskal Herriko lekurik gehienetan. Ahots gozoa dauka, ondo modulatzen duena, eta beti asmatu izan du ahots horri zegozkion musika tresna eta arregloak lortzen. Urteen poderioz bere gaiak eta kezkak zabaltzen joan dira. Esan liteke maitasunaren inguruan pibotatzen zuen kantagintza ireki egin duela gai sozialak sartzeko, gai politikoak, bizi garen gizartearekin kritikoak diren gaiak, horrela lortu duelarik belaunaldi batentzako zirudien kantakerari iraupen generazionala ematea, lanaren eta ikerketaren bidez inspirazioaren edertasun puntuala gaindituz.
Bere diskagintzan leku berezia hartzen du 'Kantu erotikoak' deiturikoak. Bertan euskal kantagintzan oso gutxi landu den gaia agertu zuen, erotismoarena, hainbat kantu herrikoi berreskuratuz eta gaur eguneko hainbat poeten letrarik lizunenak musikatuz, hala nola Jon Mirande edo Patziku Perurenarenak.
Poesia errezitalak eta musika nahastuz hainbat ikuskizun eskaini ditu, ezagunenak 'Tribuaren hitz galduak ' eta 'Abiadura handiko urte baten kronika' direlarik, Pako Aristi idazlearekin batera. Horien fruitua da 'Dena hankaz gora' diskoa. Bere azken lana 2004an argitaratu zuen, 'Erabil nazazu' izenburuarekin.
[www.euskalnet.net/markez] Artistaren kantak bilduma honetan |