foto cabecera
Logo Aho bete kanta - Arteola

bilaketa aurreratua

:

:

Atalak:

:

Datak: 

Hasiera Bukaera 

Miren Aranburu

Biografia

Lazkaon jaio zen, eta bere lehen diskoa 1977an atera zuen, 'Lehertu da' deitua, berak sortutako doinu eta hitzekin, garaian puri-purian zegoen euskal kantagintza berriaren ildoan. Bere garrantzia eta salmenta kopuru ederra izan zuen arren, ondoreneko urte askotan kantagintza utzi zuen Aranburuk.

Ahotsa lantzeko hainbat ikastarotan ibili zen, eta beste kantari batzuen diskoetan hartu zuen parte, hala nola Imanol edo Jabier Muguruzaren lanetan, 80ko hamarkadan Jean Louis Hargous musikaria ezagutu zuen arte. Orduan jazzera hurbiltzen hasi zen. Hargous musika garaikidea, jazza eta musika elektronikoa lantzen dituen konposatzailea da, eta elkar lanaren fruitua izan zen Aranbururen hurrengo diskoa, 'Etorkizunaren memoria', 1996an argitaratua. Hori grabatzeko jazz boskote bat sortu zuten, 'Miren Aranburu Ensemble' deitua, eta gaur egun talde horrekin dabil Aranburu. Esan liteke, eraberean, jazza lantzen duen kantari bakarra dela euskal kantagintzan.

2002an Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak sortutako 'Errabal' euskal jazz zigilua estreinatu zuten, 'Gorri isila' diskoarekin, eta hori du, oraingoz azken lana. Bertan, Miren Aranbururen ahots samurrak gai propioak eta euskal kanta ezagunen bertsio modernoak aurkeztu zituen.

Artistaren kantak bilduma honetan

 
© 2005 Arteola - Valid XHTML