|
Negu Gorriak Biografia
Negu Gorriak taldea 1990ean sortu zuen Fermin Muguruzak, eta euskal rockaren talderik enblematikoena eta ezagunena izan da ia hamar urtez. Mundu mailan ere nazio askotan izan dira jotzen. Lehen diskotik lortu zuten arrakasta eta jarraitzaile mordoa, eta ondoren ateratzen joan diren disko bakoitzak gailurra jo izan du: 'Gure jarrera' 91ean, 'Borreroak baditu milaka aurpegi' 93an, 'Ustelkeria' 95an...
Fermin Muguruzarekin batera taldea gehienbat osatu zuten musikoak hauek dira: Iñigo Muguruza, Kaki Arkarazo, Mikel Anestesia eta Mikel BAP!. Bost disko atera zituzten, eta zuzenenko gogoangarri bat, Bilbon grabatua.
Haien kanta asko eta asko egin dira ezagunak: 'Lehenbiziko bala', 'Zipaioen matxinada', 'Ustelkeria', 'Pistolaren mintzoa' eta abar. Erabiltzen zituzten gaiak ere ugariak ziren: etorkinak, arazo sozialak, ustelkeria poliziala, sexu berdintasuna, pobrezia, internazionalismoa, kulturen arteko nahasketa...
Fusioa izan da Negu Gorriaken ezaugarri nagusia, soinu berriak lortzea, tinbre ezohikoak, erritmo bihurriak, nahiz Harlem edo Sowetokoak. Eklektikoak izan dira, eta nahastu dute raggamuffina, hip-hopa, sanplerra, rapa, reggaea, eta euskaraz kantatuz eragin horiekin guztiekin soinu berezi bat lortu zuten, ezaugarri propioak, beti ere kalitate onarekin eta aurrerapen tekniko guztiekin. Energia bilgune bat zen Negu Gorriak, eta ikus-entzunezko eta mass medien garaian eurak ere erabat integratu ziren, kamisetak ateraz, posterrak, pegatinak, biretako jaialdien data-zerrendak publizitatuz egunkarietan eta abar.
Jaialdirik jendetsuenak bildu dituen taldea izan da Euskal Herrian, 1996an desegin zen arte. Haien despedidako diskoa 'Salam, Agur' izan zen. Fermin Muguruza zen liderra, eta ondoren ibilbide aberatsa egiten jarraitu du. Taldeko beste partaideek ere musikaren munduan jarraitzen dute beste zeregin eta proiektu batzuetan.
[www.negugorriak.net] Artistaren kantak bilduma honetan |